Mikel Mikeo eta Gaizka Sarasola egile nafarrek irabazi dute Cafe Bar Bilbao 2013 antzerki gidoi laburren saria

P1000243-tx

Bi egile nafar, Mikel Mikeo eta Gaizka Sarasola, izan dira Cafe Bar Bilbao antzerki gidoi laburren XI. lehiaketako irabazleak.Sariketa izen bereko establezimenduak antolatzen du, TARTEAN antzerki konpainiaren laguntzarekin. Antzerki idazketa sustatzea da lehiaketaren helburua, eta horrekin batera, egileak genero hori lantzera animatzea eta formatu txikiko antzerkia bultzatzea.

Mikel Martinez lehiaketaren sustatzaile eta aktoreak azaldu duenez, edizio honetan aurrekoetan baino lan gehiago aurkeztu dira (16 lan euskaraz eta 27 gaztelaniaz). Gainera, aurkeztutako lanen maila literarioa azpimarratu du.“Denetatik egon da: umorezko piezak, gizarte kritika egiten dutenak, dramak, parodiak, antzerki dokumentalista, surrealista… Kalitatea orokorrean oso ona izan da, batez ere euskarazko lanen atalean.Baina gogoratu beharra dago lanak baloratzerako orduan, kalitateaz gain, kontuan hartzen dela deialdian eskatzen dena, hau da, ekoizteko eta muntatzeko lan errazak izatea, ordu erdi inguruko iraupena izan dezatela”.

Gaizka Sarasola Iartzabal (Lesaka, 1974) izan da euskarazko lanen atalean Cafe Bar Bilbao sariaren irabazlea (1.400 euro), Lurrazpikoak lanarekin.Pieza taberna batean gertatzen da, argia eten den gau trumoitsu batean.Linternen argipean, lau agurek meategian lan egiten zuteneko garaia oroitzen dute, etorkizun hobea amesten zuten garaia.

Gaizka Sarasola txistularia eta musika irakaslea da, eta gainera, Mairu Antzerki Tailerra antzerki talde amateurraren bultzatzaileetako bat.Bere taldearen eta beste batzuen obretarako testuak eta musika idatzi ditu, besteak beste, Gilkitxaro taldearentzat.Era berean, Ixuriak eta Ez naiz deusen jabe diskoak argitaratu ditu Xabier Erkizia musikariarekin batera.

Gaztelaniazko ataleko irabazleari dagozkion 1.200 euroak Mikel Mikeo nafarrak eskuratu ditu, La oferta Hutford lanarekin. Diruaren balioari buruzko dilema planteatzen du obrak.Istorio horretan, morroi arrunt batek ezohiko proposamena jasotzen du:50 milioi euro lortuko ditu “egia estali” eta espetxean hiru urte ematen baditu.Bi pertsonaia biltzen ditu obrak:Hutford, eskaintza egiten duena, eta Baldomero, onartu ala ez erabaki behar duena.

Mikel Mikeo Arrarasek(Atarrabia, 1975) Nafarroako Antzerki Eskolan burutu zituen Interpretazio ikasketak, eta bakarrizketa komikoak taularatzen dituen Movimiento Bola antzerki taldeko kide da gaur egun.Aipatu taldeak bi obra taularatu ditu dagoeneko, 59 Minutos eta VPO(Vivir para Pagar un hOgar),biak ala biak Mikeok idatzitakoak.Iaz bere bakarrizketen bilduma estreinatu zuen, Mikeando por la vida titulupean.Halaber, zuzendari lanak egiten ditu, obrak idatzi, antzeztu eta joko dramatikoko klaseak ematen ditu.

Saritutako lanak Cafe Bar Bilbaoren web orrialdean argitaratuko dira, eta udaberrian TARTEAN taldeak testu horien irakurketa dramatizatua egingo du Bilboko Plaza Barriko ostalaritza establezimendu historikoan.

Nota de prensa en castellano Premios Café Bilbao

Café Bilbao Sariak 2013, hedabideetan.

Anuncios