Itziar Okariz artistak egin du Durangoko Azokako 48. edizioko kartela

Itziar Okariz kartela Durangoko Azoka 1

Zuriaren gainean hitzak dantzan. Irudi horrekin osatu du kartela Itziar Okariz artista donostiarrak. Abenduaren 5etik 8ra egingo da Durangoko Azokaren 48. edizioa, eta azokarako propio egin du. Lehiaketaren formula baztertu eta, azokaren sorreran bezala, kartela egiteko proposamena euskal artista bati luzatu die Gerediaga elkarteak. Iaz Nestor Basterretxeak egin zuen, esaterako.
Okarizen afixaren kasuan, artistaren performance berria irudikatzen du, ekintza artistikoaren partitura edo gidoia delako. Hizkuntzaren araudia zalantzan jartzen dituzten ekintza artistikoak egin ohi ditu Okarizek, besteak beste.
Bestetik, azokaren izen berria iragarri du Nerea Mujikak, Gerediaga elkarte antolatzailearen lehendakariak. Durangoko euskal liburu eta disko Azoka izen luze eta murriztailea utzi, eta Durangoko Azoka soilik izango da ofizialki aurrerantzean. “Laburrago, eta era berean, zabalagoa”, zehaztu du Mujikak. “Bere barruan sartzen direlako gune guztiak, diziplina guztiak. Bide horretan ari gara lanean 2008az geroztik. Guztiok argi dugu hori dela etorkizuneko azokaren eredua. Guztion Azoka”.Azken urte hau urte zaila izan dela gogoratu du Mujikak, Plateruena kafe antzokiko aurkezpenean. “Ez da erraza izan ez Gerediaga elkartearentzako, ez guneentzako, ezta langileentzako ere. Gerediaga elkartean ez dugu asmatu erabaki guztiak behar bezala plazaratzen. Horrek guztioi kalte egin digu, gure asmoa ez izan arren”. Hala ere, mezu baikorra plazaratu du elkarteko lehendakariak edizio berriari begira. “Herritarrok osatzen dugun elkarte honetan argi daukagu edozein eztabaidaren aurretik dagoela Durangoko Azoka. Euskal kulturak eta azokara etortzen diren milaka lagunek hori merezi dutelako. Horregatik, gure helburua Durangoko Azokak aurrera egitea da. Halaxe izan da azken 48 urte hauetan, kulturgintzari denbora eta ahalegina eskaintzen diogun hainbat eta hainbat lagun inplikaturi esker. Azoka euskal kultura bultzatzeko herri ekimena da. Aurrera egingo dugu, eta indartu egingo dugu”.

‘2. kapitulua, V.W.’ izena du Itziar Okarizen performanceak, eta ekintza artistikoaren partitura edo gidoia da kartela. Performance horretan Gela bat norberarena liburuaren atal bat irakurtzen du Okarizek, esaldi bat etengabe errepikatuz ordu erdiz jarraian. Irakurraldi bakoitzean, baina, aurreko lerroko lehen hitza ezabatzen du, eta testua laburtuz doa, esaldia erabat agortu arte. Hitz desberdinak indartzea lortzen du horrela artistak, entzuleak hitz bakoitzaren gaineko kontzientzia hartu dezan elementuen esangurari eta esanahi unitate txikienei erreparatzeko.

Bilbon eta New Yorken bizi eta lan egiten duen artistak azaldu du zergatik aukeratu duen Woolfen liburu ezaguna: “Virginia Woolf biziki estimatzen duten autorea da, eta bere lanaren erreferentzia oso egokia iruditu zitzaidan Durangoko Azokarako”.
Bideoa, argazkigintza eta instalazioak landu ditu batez ere Okarizek, eta bereziki identitatearen inguruko ekintza artistikoak egin ditu. Norberaren nortasuna definitzeko erabiltzen diren zeinu eta hizkuntzaren arauak zalantzan jartzen ditu bere obretan, eta egungo ordezkaritza egituren subertsioaz, eta gorputza/espazioaren harremanez ere hausnartu du Okarizek. Horretarako, inguruarekin elkarrizketan aritzen da bere ekintzetan.
ARCO azokan, Bilboko Guggenheim museoan, Rekalde aretoan, Picasso Bartzelonako museoan eta beste hainbeste areto eta gunetan erakusgai izan dira Okarizen artelanak. Azken bakarkako lanen artean, esaterako, hauek daude: Ekintza determinatuen kopuru bat, Leongo MUSACen (2013), Sekzio irregularra performancea Bartzelonako Mercat de les Florsen (2012), Bat, bat, bi, bat Bilboko Carreras Mujika galerian (2011), edo Irrintzi, errepikapena Mexiko DF hiriko La Casa Galerian (2010).

Anuncios

Un comentario sobre “Itziar Okariz artistak egin du Durangoko Azokako 48. edizioko kartela

Los comentarios están cerrados.