“Blackie & Kanuto” otsailaren 15ean iritsiko da zinema-aretoetara, Baleuko estudioen apustu berria

blackie&kanuto_Poster_Eusk

 

Datorren otsailaren 15ean iritsiko da zinema-aretoetara Blackie & Kanuto, Baleuko estudio bizkaitarraren animaziozko azken film luzea. Frantziako Art Mell eta Italiako Lumiq estudioekin batera ekoiztutako lana da, eta Barton Films du banatzaile.

Familia osoarentzako filma gaztelaniaz eta euskaraz estreinatuko da aldi berean, 3D eta 2D formatuetan. Blackie ardi beltza eta Kanuto artzain-txakurra ditugu abenturazko komedia dibertigarriaren protagonistak. Ilargira joatea da Blackieren obsesioa, eta Blackie bera da Kanutoren obsesioa. Bidaian abiatuko dira biak, eta bidean opera abesten duten behiak, otso adeitsuak, paperik gabeko etorkin diren armiarmak eta aireratzeko prest den kohetea duen txakur taldetxo bitxia aurkituko dituzte. Baina Pinkyk, arrosa koloreko ardi itzel eta zitalak, euren asmoa galaraziko du.

Francis Nielsenek zuzendu du Blackie & Kanuto filma. Asterixen egile René Goscinnyk eta Albert Uderzok sortutako IDEFIX estudioan zaildu zen zuzendaria bere ikus-entzunezko ibilbidearen hasieran. Gaur egun telesailak eta film luzeak zuzentzen ditu, eta 2003an Veneziako Mostraren sail ofizialean lehiatu den historiako lehen animazio-zuzendaria izan zen, Le chien, le general et les oiseaux lanarekin.

Iván Onekaarduratu da zuzendaritza artistikoaz. Baleukoko zuzendari artistikoa izan da 12 urtez, eta 11 film luze baino gehiagotako pertsonaiak eta eszenatokiak sortu ditu. 80 soinu-banda baino gehiagoren egile den Xavier Berthelotena da musika, eta gidoia, berriz, Ángel E. Parienterena.

Baleuko ikus-entzunezko enpresa 1993an sortu zen eta Durangon du egoitza. Animaziozko 11 film luze ekoiztu ditu dagoeneko, horien artean berriki Goya sarietarako hautatu duten The Wish fish, edota Betizu eta urrezko zintzarria, 2008an hautatu zutena. Era berean, fikziozko hiru film luze ekoiztu ditu, azkena Barbara Goenaga protagonista duen Izarren argia(2010). Dokumental eta hainbat formatutako telebista-saio ugari ere ekoiztu ditu.

Anuncios