“Gartxot” filma Hego Euskal Herriko hiriburuetan erakutsiko da berriro

‘Gartxot, konkista ainitzeko konkista’ filma Hego Euskal Herriko hiriburuetara itzuliko da asteburu honetan, Nafarroako konkistaren 500. urteurrena gogoratzeko ekitaldien artean. Aste honetan, ostiraletik aurrera, Iruñeako Olite zine-aretoan (17:30) eta Gasteizko Floridan (18:00) izango da ikusgai eta aurki helduko da Bilbo eta Donostiara ere.

Juanjo Elordi eta Asisko Urmenetaren zuzendaritzapean, Andoaingo Somuga estudioan gauzaturiko filma da ‘Gartxot’. Azaroan estreinatu zen Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta orain herriz herri dabil etenik gabe, Ipar eta Hego Euskal Herrian. Gainera, Bartzelona, Madril eta Compostelan ere estrainatu da eta hainbat Zinema Festibaletan hautatu dute, besteak beste: Italiako Kimera zinemaldian, Malagako Zinemaldian,Txileko Nazioarteko Animaziozko Jaialdian eta Regensburgo (Alemania) CinEScultura Zinemaldian.
Horrez gainera zuzendariak hitzaldiak ematen ari dira, dagoeneko 30etik gora, Gartxoten garaiari buruz. Hitzaldien oinarria Asisko Urmeneta eta Edorta Barruetabeña gidoilariek idatzitako liburu ilustratua da. Bertan Gartxoten garaiak Nafarroako konkistan izan zuen garrantzia jorratzen da era eskematiko eta ikusgarri batean.
Asteburu honetan gainera, 40 urte beteko ditu Arturo Campion euskaltegiak, Gartxoten berpizkundean bultzagilea izan den talde aitzindariak. Eta gainera, Nafarroa Bizirik taldeak lip dub bat antolatu du Iruñeako kaleetan.
“Gartxot, konkista aitzineko konkista” Arturo Campiónen narrazio batean oinarrituta dago eta XII. mendeko bardo baten bizitza kontatzen digu. Bardo deitzen zaio herriaren oroimena eta kultura gordetzen zuen kantariari. Filma honek oso kritika onak izan ditu eta bihotzeraino heltzea lortzen du, horretarako pertsonaien diseinu ausartak eta Zuberoako ahotsen berezitasuna baliatzen duelarik.
Benito Lertxundiren musika dauka filmak, baita bere ahotsa ere pertsonaia batean. Mixel Etxekopart, Luxi Agergarai eta Maika Etxekopart (Amaren Alabak taldekideak) jarri zituzten bestelako ahotsak.
Arturo Campiónek 1917an idatzi zuen “Gartxot, Itzaltzuko bardoa”, Zaraitzuko kondaira ilun batean oinarrituz. Liburuan bezala, filma XII. mendeko Orreagako Abadian dago kokatuta. Gartxot-ek Nafarroako konkista eta kultura ezabatzeko prozesuak nola eta zeinen eskutik gauzatu ziren erakusten digu.

Anuncios