Marie de Jongh euskal antzerki taldeak FETEN 2012ko Ikuskizunik Onenari Saria jaso du “Alabatxo” antzezlanarengatik

Marie de Jongh (Tartean) euskal antzerki taldeak FETEN 2012ko Ikuskizunik Onenari Saria jaso du Alabatxo antzezlanarengatik. Xixonen egiten den haurrei zuzendutako arte-eszenikoen Europako Azoka da FETEN eta aurtengo edizioan 67 taldek hartu dute parte, Austria, Frantzia, Bulgaria, Belgika, Danimarka, Kuba, Espainia eta Portugaletik etorritakoak, besteak beste.

Ostiralean amaitu berri den edizioan Alabatxo gailendu zaie gainontzekoei Epaimahaiak hala erabakita. Obran aita zaharraren eta haurdun dagoen bere alabaren arteko harremana kontatzen da, betiere keinuen bidez, dialogorik gabe. Lana Jokin Oregik idatzi eta zuzendutakoa da eta bertan parte hartzen duten aktoreak Ana Meabe, Javier Renobales eta Jose Ramon Soroiz dira. Diseinu artistikoa José Ibarrolaren ardurapean egon da eta musika Santiago Ramosek egin du. “Agurea ez da iraganean katigatuta geratzen den norbait. Orainean gurekin bizi dena da, bere ezaugarri bereizgarriekin, alderdi txar eta onekin, gainontzekoen pare. Eta gizartea aberatsagoa izango da guztiak kontutan hartzen baditugu”, Oregiren esanetan.
Marie de Jongh (Tartean) taldeak orain lau urte Xixongo sari bera jaso zuen euren lehen lanarekin, Zer duzu negarrez, Marie?. Familia osoari zuzendutako lanak jorratzen ditu taldeak, teatro gestuala, keinuen bidezkoa baliatuz.
Alabatxoa Leioan estrenatu zen urtarrilean eta martxoaren 18an Durangon ikusteko aukera izango da.

Anuncios