Tartean-en umoreak BBK aretoa hartuko du

TARTEAN Teatroa Bilboko Kale Nagusiko BBK aretoan izango da aste honetan, euskarazko eta umorezko bi antzezlanekin: Euskarazetamol” (asteazkenak 25, 20:00etan) eta “Larria, Kutsakorra, Mendebaldekoa” (ostegunak 26, ostiralak 27 eta larunbatak 28, 20:00etan).

Euskarazetamol” Ez Dok Hiru Bikoteatroren hirugarren lana da, “Euskera Sencilloaren Manifiestoa” eta “Larruaizetara” ikuskizun arrakastatsuen ondoren. TARTEAN Teatroko bikote hau Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek osatuta dago. “Euskarazetamol” antzezlanaren bi pertsonaiek super-euskaldunak izateko formula bilatuko dute. Horretarako, euskararekin edozein hitz-joku egiteko gai izateko,mota guztietako pilulak probatuko dituzte. Azkenean porrot egingo dute, baina bidean sekulako malabarismoak egingo dituzte euskararekin, ikuslearen harridura eta barrea probokatuz. Patxo Telleriak idatzi du “Euskarazetamol”, Jokin Orekik zuzendu eta Josu Zabalak egin du musika. 2010eko ekainean estreinatu ordutik ehun bat emanaldi egin dituzte Euskal Herrian zehar.

Osasun publikoa eta negozioa

Osasun publikoa eta negozioa da TARTEAN Teatroak BBK aretoan aurkeztuko duen bigarren komediaren gaia. “Larria, Kutsakorra, Mendebaldekoa (LKM)” Patxo Telleriak eta Jokin Oregik idatzi dute, eta azken honek zuzendu egin du. Mikel Martinez da aktore bakarra, baina honek hiru pertsonaia ezberdin jokatzen ditu, batetik bestera salto egiten espiral etengabe batean. Barrea sortarazteko idatzia den komedia honek ikutu “basatia” du eta gaiaren inguruko hausnarketa suspertu nahi du emozio, irrika, eta samurtasunaz. 

Botikak egiten dituen enpresa pribatu batek laborategian gripe suntsigarri bat sortzea erabakitzen du, sendabidea ahalik eta azkarrenlortzeko. Baina gaitz berriak eta bere sendabideak nola funtzionatzen duten ikusteko, ezinbestekoa da pertsonekin esperimentu frogak egitea. Eta horretarako aurkeztu dira hiru heroi … bostehun euroren truke.

Euskal antzerkian eskarmentu handia dute bai Mikel Martinezek (Lizarra, Nafarroa, 1955) bai Patxo Telleriak (Bilbo, 1960). Urteak daramatzate “bikote artistiko” bezala lanean, hala antzerkian (“Marxkarada“, “Monstruo Sakratuak“, “Kaio Luma Zikina“, “Kontenedore baten Istorioak“, “Lezio bat ostrukari buruz) nola telebistan. Telleriak Aitor Mazorekin batera idatzi eta filmatu berri du “Nemekitepa” bere bigarren pelikula luzea, “La máquina de pintar nubes” ondoren.

Anuncios