GARTXOT, hedabide guztietan

GARTXOT filmaren aurkezpena  egin genuen pasa den astean Donostian eta Iruñean. Euskal Herriko hedabide ia guztiek eman dute honen berri.

Donostiako Trueba zine-aretoan eskaini genuen lehenengo prentsa-emanaldia eta  prentsaurrekoa, Asisko Urmeneta eta Juanko Elordi zuzendariak, Edorta Barruetabeña gidoilaria eta Benito Lertxundi kantaria han egon zirela. EUSKAL TELEBISTAko Teleberri  eta Gaur Egun informatiboek horrela kontatu zuten.

RADIO EUSKADIko Boulevard saioak unitate mugikorra bidali zuen Truebara eta filmaren egileekin mintzatu zen Ander Iribar kazetaria, ordu erdian. HAMAIKA TELEBISTAK  egin zuen erreportaje majo bat  eta GARAko, DIARIO VASCOko eta DIARIO DE NOTICIAS DE GIPUZKOAko kazetariek euren kronikak argitaratu zituzten. BERRIAk aurreko egunean atera zuen azken orrialdean erreportaje eder bat. Euskarazko egunkari honek beste artikulu bat kaleratu zuen estreinu egunean.

Iruñako Nafarroako Filmotekan emaitza onak errepikatu egin ziren ostegunean. Diario de Navarra egunkariak informazio majoa atera zuen,  eta Noticias de Navarrak  orrialde oso bat argitaratu zuen, despieze batekin. TVEko Telenavarra han izan zen eta EITBko NAVARRA DIRECTOk kronika hau egin zuen.

Horretaz aparte, irrati  askotan izan dira elkarrizketatuak GARTXOT-en egileak.

EUSKADI IRRATIAn  zuendariak filmaz mintzatzen aritu ziren, eta emisora honen Mezularia irrati-saioan, Aingeru Epaltzak eta Patxi Larrionek ‘Gartxot’i buruzko iritziak bota zituzten. Faktoria izeneko irrati-saioan Benito Lertxundi aritu zen filma goraipatuz. ONDA VASCA, SER katea, BELEIXE Irratia, HALA BEDIrratia, EUSKALERRIA Irratia, TAS-TAS irratia, EGUZKI Irratia, BIZKAIA Irratia, besteak beste, izan ziren elkarrizketak emititu zituzten emisora batzuk.

Baina ez hori bakarrik. Astean zehar,  behin eta berriro argitaratu egin dira GARTXOT-i buruzko artikuluak. EL CORREOk “Gartxot contra Tintín” izenburuko erreportajea publikatu zuen, GARAko ZAZPIKA gehigarriak gai nagusia -portada eta guzti- eskaini zion GARTXOT-i, DIARIO DE NAVARRAk Asisko Urmenetarekin elkarrizketa bat atera zuen, eta DEIAk hiru aldiz eman zuen berria,  estreinaldia iragarriz eta Donostiako prentsaurrekoa kontatuz, besteak beste. Iparraldeko LE JOURNAL-ek ere honen berri eman zuen.

EITBKulturak erreportaje hau emititu zuen eta Arratsaldero telebista-saioan, Estitxu Fernandezek Asisko eta Juanko elkarrizketatu zituen.

Anuncios