Gartxot” film luzea zinemetan dago

Gartxot, konkista aitzineko konkista”izeneko film luzea azaroaren 18tik dago Euskal Herriko zinemetan. Juanjo Elordi eta Asisko Urmenetaren zuendaritza eta Somugaren ekoizpena du filmak, Benito Lertxundiren musika, Zuberoako kantari eta aktoreeen ahotsak… osagai benetan indartsuak, erronka handi bati aurre egiteko: euskara hutsez eta helduentzako eginiko animazio proiektu bat gauzatzea.

Lau urteko lana izan da Gartxot aurrera ateratzeko behar izan dena eta hasieran talde txiki bat baino ez zena, 20 laguneko lantalde bihurtu da azken urtean. Helburua ausardiaz beteriko proiektu bat gauzatzea: pertsonaien diseinu berritzailea, erromantizismoko paisaia ikaragarriak, filmetan entzun ez den euskara mota bat erabiltzea, burura baino gehiago bihotzera iritsi nahi duen gidoia…  

 Halakoxe filme baten aldeko apustua egin dute Somuga, produktora aitzindariak, REC soinuetxeak, ETBk eta Bartonfilms banatzaileak, baina gainera, bidean hainbat erakunde eta herri ekimen batu zaizkie: Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Nafarroako Gobernua, Udalbide-udalbiltza, Euskararen Kultur Erakundea, Berria edota Elkar. 

 Eta laguntza horiez gainera, lantaldeak bereziki estimatzen du hiru erakunde txikirengandik jaso duten babesa: Zaraitzuko Ibaxa, Itzaltzuko udala eta Gartxot Ekimena. Zaraitzu inguruko herritarrez osaturiko ekimen horrek proiektuari 2008tik eman dion adorea eta sostengua berebizikoa izan da lantaldearentzat: “aurrekontuetan agertzen ez den bultzada irribarretsu hori”.

 Arturo Campiónen narrazioak XII. mendeko bardo baten bizitza kontatzen digu: Bardo deitzen zaio herriaren oroimena eta kultura gordetzen duen kantariari. Eta horixe da Orreagako abade berriak nahi ez duena. Hargatik, Gartxot, bertako bardoa, deserriratu eta Mikelot, haren semea bahituko du latinez kantatuko duen fraide bihurtzeko. Baina Mikelotek ihes egingo du eta berriro hasiko da kantuan aitarekin, herriz herri. Elizak desafiotzat hartuko du kantaldi bakoitza eta soldaduak aita-semeen ehizan arituko dira, harik eta inguratu eta irtenbide bakarra utzi arte: tragedia. XII. mendean gaude, eta hasi da konkista aurreko konkista.

Arturo Campiónek 1917an idatzi zuen“Gartxot, Itzaltzuko bardoa”. HorretarakoZaraitzuko kondaira ilun eta nahasi batez baliatu zen baina intentzio guztiarekin Nafarroako historian funtsezkoa izango den toki eta garai batean kokatuko zuen: XII. mendeko Orreagan. Gartxot euskararen aldeko garrasi bat ere bada, baina orobat, Nafarroako konkista eta akulturizazio prozesuak nola eta zeinen eskutik gauzatu ziren erakusten digu.

 Gartxot sortu zenetik, ordea, Campiónek imajinatuko ez zuen gauza bat gertatu da: Gartxot konkistaren aurkako ikur bihurtu da, euskarazko sorkuntzaren aldeko aldarrikapena. Hala interpretatu dute behin eta berriro “berrasmatu” duten kolektibo guztiek: Buenos Airesen antzeztu zuten 1948an, erbesteratuentzat; 80ko hamarkadan Iruñean; 1981ean Benito Lertxundik arnasa berria eman zion album eder baten bidez, 2003an Asisko Urmenetak komikia egin zuen Marko Armspachekin batera, Korsikako Mediterranio saria irabaziz…

Musika

 Musikak garrantzi handia du filmean, eta ez bakarrik bardo baten bizitza kontatzen duelako. Benito Lertxundik bere diskografiatik aukeratu eta birnahasturiko doinuak eskaintzen ditu filmeak. Horrez gainera, bai berak eta bai Olatz Zugastik ahotsa jarri diote pertsonaia banari. Musikaren egokitzapena Aitor Furundarena irakasle eta konpositorearen ardura izan da, hainbat musikoren laguntzaz Erdi-Aroko herri musikaren naturaltasun eta gordintasuna islatzeko helburuarekin.

 Eta musikaren arloa borobiltzeko, Pastoraletan eskarmentua duten aktoreek jarri dituzte ahotsak. Ekarpen harrigarriak egin dituzte kobla eta kantu zaharrak antzezteko orduan. Mixel Etxekopart kantaria izan da Gartxoti ahotsa jarri diona. Luxi Agergarai eta Maika Etxekopart Mikelot eta Xuneri bizia eman diotenak. Bai beraiek eta bai beste aktoreetako batzuk Amaren Alabak musika taldeko partaideak dira.

 Ahots gehienak Zuberoako aktoreenak izan dira baina Baxenafarra eta Nafarroa Beherako aktoreek ere parte hartu dute, baita Kike Amonarriz bezalako “kanpotarrek” ere.

Filma euskaraz grabatu da. Ez bikoiztu, ez baita animazioaren gainetik sartu ahotsa, alderantziz baizik. Aktoreek interpretaturiko ahotsen gainean sortu da animazioa. Beraz, euskarazko bertsioa baino ez dago. Hala ere kopietako batzuk azpitituluak izango dituzte gazteleraz, frantsesez, galegoz eta katalanez.

Liburua

 Filma egiteko behar izan den dokumentazio lana hain izan da handia eta interesgarria ezen Elkar argitaletxeari liburu bat egitea proposatu baitzion Somuga produktorak. Elkarrek interesgarri ikusi eta Durangoko Azokarako aterako da Gartxoten garaiari buruzko informazio eta irudiak eskainiko dituen liburua: Donejakue Bidea, arabeen kontrako borroka, koblakarien sorrera, Orreaga, Lehen Gurutzadaren ondorioak, lehen ordena erlijioso-militarren sorrera… halako gaiak aurki daitezke liburuan era arin batean aurkeztuta, irudiz hornituta eta irakurleak erraz eskuratzeko formatu batean diseinatuta.

Anuncios