ARRIYA filma hilaren 26an estreinatuko da zine-aretoetan

ARRIYA (La piedra), Alberto J. Gorritiberearen (Eutsi!) film berria, hilaren 26an estreinatuko da zine-aretoetan. Zestoan, Zumaian eta Gipuzkoako beste tokitan filmatutako pelikula hau, ALOKATUren ekoizpen bat da, ETBren produkzio elkartuarekin eta ICAA eta EUSKO JAURLARITZAren partaidetzarekin.
Hiru hizkuntzatan eginda (euskaraz, gastelaniaz eta frantsesez), film berezi honek Txekiar Errepublikako Karlovy Vary (lehiaketa kanpoko Sekzio Ofizialean) eta Malagako Zine Jaialdietan hartu du parte. Azken honetan 5 sari eskuratu zituen: emakumezko aktorerik onena (Begoña Maestre), argazkarik onena (Gaizka Bourgeaud), jantziteriarik onena (Saioa Lara), musikarik hoberena (Bigen Mendizabal), eta film onenaren Asecán-Opera Prima saria.
Alberto J. Gorritibereak sentimentuzko istorio bat kontatu du, tradizioaren eta pertsonaren arteko borroka jorratuz. Ikutu fantastikoak dituen alegia eder baten itxura hartu du filmak. Tradizioak eta amodioa eta familien arteko borrokek harrapatuta bizi diren hiru gazte maiteminduren istorioa kontatzen digu ARRIYAk.
Aktore gazte talde batek interpretatzen du film hau eta Iban Garate (Aupa Etxebeste!), Begoña Maestre (Hospital Central, Al salir de clase) eta Sara Casasnovas (Amar en tiempos revueltos, Hospital Central, El comisario) dira protagonistak.
Sinopsia:
Euskal Herriko mugako herri batean, bi familia apustu batean murgilduta bizi dira. Erronka horrek eramanik, hiru gazte maiteminduren bizitzek topo egingo dute; beren bizitzan denbora joaten uzten… ihesbiderik eta amaierarik gabeko borrokan.
Deskargatzeko prentsa-materialak: http://www.arriya-lapiedra.com

Anuncios