Pako Aristik, Xabier Lopez Askasibarrek eta Victor Iriartek irabazi dute ‘Café Bilbao’ VIII Teatro Laburreko Gidoien Saria

 

Xabier L. Askasibar, Victor Iriarte eta Pako Aristi

Pako Aristik (Azken neuronaren heriotza lanagatik) eta Xabier López Askasibarrek (Piztu gabeko zigarroa) irabazi dute ex aequo Cafe Bar Bilbao-k antolatzen duen 2010eko Teatro Laburreko Gidoien Saria, euskarazko lanetan, eta Víctor Iriarte kazetari nafarrak (La esquela obrarekin) eskuratu du gaztelaniazko saria.


Deskargatu ahal duzu hemen Prentsa oharra. Puedes descargarte aquí la Nota Prensa

Pako Aristi (Urrestilla, Gipuzkoan, 1963) idazlea, kazetaria eta gidoilaria da. Liburu asko argitaratu ditu, genero ezberdinetan, hala nola nobelan, poesian edo haur literaturan. Urregilearen orduak nobelarekin Espainiako Kritika saria lortu zuen, eta Gauza txikien liburua delakoarekin Beterriko Liburua saria eskuratu zuen eta Euskaltzaindiako Toribio Altzaga antzerki saria lortu zuen 2008an, Josu Dukatiren proposamena obrarekin. Oraingoan saritutako obra -Azken neuronaren heriotza- komedia bat da eta errudun faltsuaren gaia du oinarri. Ertzaintzak gizon bat atxilotu du gaizki-ulertu bategatik, baina kuartelean egoera nahasten joango da. Errugabea zirudiena gaizkile bihurtuko da hasieran, kale-borrokako liderra hurrena eta ETAko buruzagi ospetsua azkenean. “Polizi-galdeketen absurdoa” salatzen da, eta “zein arriskutsuak izan daitezkeen teorian gu zaintzen gaituzten indar armatu hauek”. Komedia guztietan bezala, bukaeran ezustekoa agertuko da.

Xabier López Askasibarrek (Lizarra, Nafarroa, 1979) Nafarroako Antzerki Eskolan interpretazio ikasketak egin eta Madrileko RESAD-en Dramaturgia ikasketak gauzatu zituen. Konpainia ezberdinetan aktore aritu da eta hainbat sari jaso ditu haurrendako dramaturgian. Azken urteotan, AEK-n lanean dabil helduen euskalduntzean. Edipo mito greziarrean oinarritutako testu klasikoa da Piztu gabeko zigarroak. Gaur egungo edozein hiritako kale ilunetan kokatzen da akzioa, kalezulo abandonatuetan jazotzen den enkontruaren narrazioa da. Bi bakarrizketen bidez, pertsonaien bizitzaren istant laburra azaltzen zaigu, une bera bi ikuspegi ezberdinetatik kontatua. Hirian pertsonaia guztiak bakarrik daude, bizitzak eskainiko dien aukeraren zain, sekula helduko ez den aukera hori; poltsikoan lehortzen ari diren piztu gabeko zigarro ahaztuak bezala. Istorioak gizakion bakardadeaz eta idatziak dauden gure bizitzak aldatzearen ezintasunaz hitz egiten du.

Víctor Iriarte (Iruñea, 1965) Espainiako Kultura Ministerioak konbokatzen duen Premio Nacional de Teatro Calderón de la Barca eskuratu zuen 2006an La chica junto al flexo obrarekin. ¡Chsssss!(2005), Cuota líquida (2008) edota Beckett: Comienzo de partida (2006) dira, besteak beste, Iriartek idatzi eta Gayarre antzokian estreinatu diren beste antzezlan batzuk. Martxoaren 13an, Iruñeko Gayarren estreinatuko du Misión imposible. El Ratoncito Pérez contra la Bruja Caries, familia ikuslego batentzako idatzi eta zuzendu duen lehenengo obra. Egun, kazetaria eta kultur kudeatzailea da ogibidez eta aquimuerehastaelapuntador.blogspot.com antzerki nafarrari buruzko blogaren egilea da. Saritutako La esquela hiru aktoreentzako umorezko elkarrizketa da. Gaur eguneko taberna batean girotua, jarrera hipokondriakoak adierazten dituzten lagunez barre egiten du obra honek. Izan ere, Víctor Iriarte bera bezalakoak diren lagunez. ¡Chssssss! eta Cuota líquida bezala, La esquela Teatro inverosímil deitutako umorezko antzezlan multzoan kokatzen du egileak.

Café Bilbaok ehun urte betetzen ditu aurten

Antzerkirako idazketa bultzatzeko asmoz, Mikel Martinez aktoreak sustatzen ditu urtero banatzen diren sari hauek. Honakoa zortzigarren edizioa izan da. Irabazleek 1.200 euro (gaztelaniazko atalean) eta 1.400 euro (euskarazkoan) jasoko dituzte. Horrez gain, testuaren irakurketa dramatizatua prestatu eta Café Bar Bilbaok berak antolatzen duen BILBOKI antzerki programazio barruan taularatuko da. Gidoiak, gainera, taberna honen webgunean argitaratuko dira berehala, eta Artez argitaletxeak kaleratuko ditu ondoren.

Aurten 100 urte betetzen du Bilboko Plaza Berrian kokatuta dagoen taberna enblematiko honek. Hori dela eta, beste hainbat ekitaldi antolatuko ditu urtean zehar; hala nola, liburuak argitaratu, film labur batzuk ekoiztu, fanfarria eta trikitixatabar-eko erakustaldia eta lehiaketa antolatu, edota saskibaloiko erakustaldia bultzatu Plaza Berrian, Bizkai-Bilbao Basqueten parte hartzearekin.

 

Anuncios

Un comentario sobre “Pako Aristik, Xabier Lopez Askasibarrek eta Victor Iriartek irabazi dute ‘Café Bilbao’ VIII Teatro Laburreko Gidoien Saria

Los comentarios están cerrados.