Mikel Matinez aktoreak “Larria, Kutsakorra eta Mendebaldekoa” komedia basatia estreinatuko du


Tartean antzerki taldeak sortu duen lana  Durangon ikusi ahal izango da abenduaren 7an

Nor ez da kezkatu azkeneko urteetan hainbat gaitzekin gertaturikoarekin? Hegaztien gripea, Behi eroen sindromea, A gripea… Aldiro aldiro, efektu apokaliptikoak izango dituen gaitz berri batekin izutzen gaituzte. Eta beldur horrek etekin komertzial bat eragiten du beti. Hain zuzen ere, horixe da Larria, Kutsakorra, Mendebaldekoa izeneko komediaren gaia: Osasun publikoa eta negozioa.

Patxo Telleriak eta Jokin Oregik idatzitako testua du oinarri Tartean antzerki taldearen lan berriak. Bakarrizketa izan arren, Mikel Martinezek hiru pertsonaia jokatuko ditu. Pertsonaia batetik bestera salto egiten ibiliko da espiral etengabe batean. Akzio berberak efektu desberdinak sortuko ditu, nork egiten duen. Hitz berberak esanahi desberdinak, nork esaten dituen. Erronka handia, beraz, ibilbide handiko aktorea den Mikel Martinezentzat.

Barrea sortarazteko idatzia den komedia honek ikutu “basatia” du eta gaiaren inguruko hausnarketa suspertu nahi du emozio, irrika, eta samurtasunaz. Zuzendaritza Jokin Oregiren esku egon da.

Sinopsia

Botikak egiten dituen enpresa pribatu bateko ikerlariek aurreikuspen bat egin omen dute. Euren ustez, lehenago ala geroago gripe suntsigarri bat sortuko da, era natural batez. Katastrofe hori ekiditeko nahitaezkoa da naturari aurrea hartu eta gaitza laborategian sortzea, modu artifizialen, sendabidea ahalik eta azkarren lortzeko. Horrela, milioika bizitza salbatuko omen dira.  Baina gaitz berriak eta bere sendabideak nola funtzionatzen duten ikusteko, ezinbestekoa da pertsonekin esperimentu frogak egitea. Eta horretarako, 500 euroren truke, aurkeztu dira gure hiru heroiak.

Baina usteak erdiak ustel direla dakienak beste aurreikuspen bat ere egin lezake: Enpresa honek gaixotasun berria asmatu du XXI mendeko negoziorik borobilena burutzeko asmo hutsez. Non dagoen “ustea” eta non “ustela” ikusleek erabaki beharko dute.

TARTEAN antzerki konpainia

Mikel Martinez, Patxo Telleria eta Jokin Oregi Maskarada taldean elkartu ziren aspaldi, eta beste hainbat proiektutan elkarrekin lan egin eta gero, Tartean antzerki taldearen ardura hartu zuten bere gain. Taldeak lan batzuk ekoiztu ditu: “Sonata segundo batean eta piku” “Ezin dut egia esan”; eta bere baitan bi “zigilu” edo talde-izen artistiko ere badaude: Ez Dok Hiru Bikoteatroa (Patxo eta Mikel aktore direla, arrakasta handiko euskarazko obrak taularatuko dituena, ‘Euskarazetamol’, kasu), eta Marie de Jongh (“Robot Maitea” eta “Zer duzu negarrez, Marie” bezalako familia osoari zuzendutako ikuskizun sarituak egiten dituena).

Mikel Martinez

Medikua da formazioaz Mikel Martinez (Lizarra, Nafarroa, 1955), baina 80 hamarkadatik aurrera interpretazioan buru-belarri sartuta dago. Aktore, zuzendari laguntzaile, gidoilari eta bikoizle bezala aritu da. Bakarrizketa batzuk eginda ditu aurretik, besteak beste, Pirandelloren Ni eta nire sudurra (1987), Stanislaw Lem-en Izarretako Bitakora eta Patrick Süskind-en hain arrakastatsua suertatu zitzaion Kontrabajua (1988). Horretaz aparte, hamaika antzezlanetan hartu du parte, lehenengo Maskarada taldearekin (Gastibeltzaren Karabinak, 1985; Marxkarada, 1981; Kontenedore Baten Istoriak, 2001, eta abar luze bat), eta gero Patxo Telleriarekin osatzen duen Ez Dok Hiru BikoTeatrorekin (Euskara sencilloaren manifiestoa, Larru Haizetara eta Euskarazetamol triologia). Horretaz aparte, lau film luzetan egin du lan (Historia de las guerras carlistas, Lauaxeta, Maité eta La máquina de pintar nubes) eta telebistako hainbat serietan (Nire Familia eta beste pizti batzuk, Jaun da Jabe, Goenkale, Mugaldekoak…) ere.

Patxo Telleria

Pedagogia eta Filologian ikasi eta gero, buru belarri sartu zen antzerkigintzan Patxo Telleria (Bilbo, 1960). Geroztik, hamaika antzezlanetan hartu du parte, baita  telebistako hainbat telesaiotan  ere. Eta antzerkigintzan zein telebistan eskarmentu handia du gidoigile gisa. Telleriak Aitor Mazorekin batera idatzi eta zuzenduriko  “La máquina de pintar nubes” luzemetraia estreinatu zuen iaz.

Jokin Oregi

Noizbehinkako aktorea da Jokin Oregi (Soraluze, 1970), baina gehien bat, zuzendari eta antzerkigile bezala aritu da, telebistarako gidoigintzan lan egiteaz gain. Bere antzezlanekin hainbat sari lortu ditu, horien artean FETEN Europar Antzerki Azokakoak. Aurten Oregik idatzitako hiru obra estreinatu dira: Gorakadaren “Jules Verneren azken abentura”, Pikor taldearen  “XL Town” eta Marie de Jongh-en “Robot maitea”, azken hau berak zuzendutakoa.

Fitxa artistikoa

Gidoia: Patxo Telleria eta Jokin Oregi

Aktorea: Mikel Martinez

Zuzendaria: Jokin Oregi

Zuzendari laguntzailea: Ruth Guimerà

Argiak: Milakamoon

Musika: Edu Diego

Eskenografia: Gorka Minguez

Atrezzoa: Javi Tirado

Diseinu grafikoa: Javier Renobales (Txapo)

Elkarrizketak eskatzeko:

Karolina Almagia

kalmagia@gmail.com

Tf: 616.84.14.77

Anuncios