UPV/EHUko Zientzia Asteak jarduera ludiko eta dibulgatzaileak eskainiko ditu hiru hiriburuetan


Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen duen Zientzia Asteak hamargarren urtea beteko du aurten. Zientzia eta teknologia zabaltzea eta gizarteari hurbiltzea helburu izango duten hainbat jarduera ludiko eta dibulgatzaile eskainiko ditu Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Bilboko Zientzia Astea azaroaren 11tik 14ra arte ospatuko da AlhóndigaBilbaon. Donostian eta Gasteizen, berriz, hilaren 11tik 13ra Gipuzkoako Campuseko Ignacio Maria Barriola eraikinean eta Arabako Campuseko ‘Lucio Lascaray’ Ikerkuntza eta Ikasketa Aurreratuen Gunean (IIAG), hurrenez hurren.
UPV/EHUren Zientzia Astearen antolakuntzan laguntzen dute Bilboko Udalak, AlhóndigaBilbaok, Eusko Jaurlaritzak, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak, Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT); Sprik; Ikerbasquek eta Bizkaia eta Arabako Filosofia eta Letretako eta Zientzietako Lizentziadun eta Doktoreen Elkargo Ofizialak.

Bilboko Zientzia Astea

Bizkaiko hiriburuan, hamargarren Zientzia Asteak Areatzan jarri izan dituen karpak atzean utzi eta AlhóndigaBilbaoko atari zabala hartuko du. Zientzia, teknologia eta berrikuntzaren inguruan jai eta herri giroko ekitaldi gisa sortua, eremua ostegunetik larunbatera etenik gabe, 10:00etatik 20:00etara, egongo da zabalik eta igandean, berriz, 10:00etatik 14:00etara. Hamabost stand izango ditu, hainbat gairi buruzko bitxikeriekin: fisika, matematika, geologia, astronomia, robotika, genetika, ingeniaritza, etab. Unibertsitateko fakultateek ez ezik, beste erakunde eta enpresa batzuek ere hartuko dute parte Astean.

Ekitaldiaren helburua zientzia eta teknologia zabaltzea eta jende xeheari hurbiltzea da, beti jolas eta entretenimenduaren bidez. Hala, esaterako, Fisikako standean kristal likidoak, zuntz optikoa edo supereroalea zer diren ulertzeko esperimentuak egin ahal izango dira. Matematikako gunean, bisitariak magia joko batzuek zer ezkutatzen duten ezagutuko du, problemak ebazteko desafioa egingo zaio eta puzzleak egiteko estrategiak ikasiko ditu, beste zenbait dibertsioren artean. Kimikaren legeak ezagutzeko, pH-aren Txokoa egongo da, zenbait produkturen azidotasun maila neurtzeko, baita Hotzaren eta Beroaren Txokoa ere; azken honetan, ura berotu edo hozteko etxetresna elektrikorik behar ez dela ohartuko da jendea. Beste standean bioiragazketako (kutsatutako gasak garbitzeko teknologia garbiko) instalazio pilotua aurkeztuko da.

Biologiako standean ere esperimentuak egin ahal izango dira, esaterako odola, azala edo intsektuak aztertu mikroskopioaz eta lupaz baliatuta, eta era guztietako galderei erantzungo zaie: aitatasun testa nola egiten den, ea zer neurritan den egia CSI telesaila, ornodunek sufritzen duten ala ez, nola “ikusten” duten saguzarrek, etab. Antxoaren Biokimikari eskainitako postuan bisitaria biokimiko lanetan arituko da eta dosifikagailuak, hodi irabiagailuak, ultrasoinuen bainua eta beste tresna batzuk erabiltzea proposatuko zaio Kantauri itsasoan arrantzatutako antxoei lipidoak erauzteko. Genetikari buruzko standa ere egongo da; bertan, DNAk krimenak argitzerakoan zer erabilera dituen azalduko da, baita aitatasun frogak nola egiten diren, elikagaien faltsutzeak nola detekta daitezkeen edo elikagai transgenikoak nola sortzen diren erakutsi ere.

Zientzia Asteak Geologiarako gune bat ere izango du eta, bertan, fosilak, mineralak eta arrokak mikroskopio petrografikoaren bidez behatzeaz gain, elementu geografikoak aztertzeko erabiltzen diren teknikak ere ezagutu ahal izango dira. Bestalde, Astronomian interesatuta daudenek astro ezezagun bat identifikatzeko desafioari aurre egin beharko diote eta sestanteaz astro baten altuera neurtuta Bilboren latitudea kalkulatu ahal izango dute.

Ibilbideari jarraituz, telekomunikazioek ere standa izango dute Astean eta bideo informazioa, bai zuntz optiko bidez bai airetik, nola transmititzen den azalduko da bertan. Horrez gain, optika geometrikoaren printzipioak aurkeztuko dituzte, giza begiaren funtzionamendua zehaztuko dute eta ikusmen arazoak egonez gero betaurrekoek zer egiten duten azalduko dute.

Azokan Robotikari ere eskainiko zaio lekua; eskala txikiko robot mota guztiak egongo dira ikusgai eta, horien bidez, autonomiaren oinarri nagusiak ezagutaraziko dira. Bestalde, UPV/EHUko Ingeniaritza Eskolak eserleku bakarreko prototipoa aurkeztuko du, Formula modukoa, ikasleek eurek diseinatu eta eraikitakoa Formula Student nazioarteko txapelketan parte hartu ahal izateko.

UPV/EHUko fakultate, eskola eta sailek ez ezik, hainbat enpresa eta erakundek ere standak jarriko dituzte AlhóndigaBilbaon. Horrela, Arkeologia Museoak iraganeko gizarteen berreraikuntza historikorako erabiltzen diren ikerketa metodoak ezagutaraziko ditu, esaterako, tresna mikroskopikoez baliatzea edo hainbat diziplina aplikatzea, besteak beste, arkeobotanika, antropologia eta paleontologia. Bestalde, Madariaga Dorretxea Euskadiko Biodibertsitate Zentroak, Urdaibain kokatutakoak, biomimetikari buruzko ikus-entzunezko joko bat eskainiko du (biomimetikak landare, animalia, onddo edo bakterioen portaerak aztertzen ditu, gizakiari onura dakarkionaz baliatzeko).
Bere standean Metro Bilbaok INGEBER sistemak, hots, trenaren balaztatzetik sortutako energia zinetikoa berreskuratzekoak, nola lan egiten duen erakutsiko du eta Guardian Llodiok, berriz, beiragintzako sekretuak agertuko ditu. Azkenik, Euskalmetek ozeanografia operazional (itsasoko eta atmosferako hainbat parametro sistematikoki neurtzeko jarduera) deiturikoaren gakoak emango digu.
Ekitaldi honen barruan jarduera ugari programatu dira. Aipagarriak dira bereziki haurrei zuzenduta dauden paleontologia, arkeologia, papiroflexia eta biodibertsitate tailerrak eta, helduentzat antolatutakoen artean, berriz, minari buruzko tailerra eta Ponpeiako horma pinturak desagertzeari edo grafenoa erabiltzeari buruzko hitzaldiak daude. AlhóndigaBilbaotik kanpo ere gauzatuko dira ekintzak, adibidez, Pagasarrira igotzea, itsasadarrean itsasontziz ibiltzea, Bilboko fosilak ezagutzeko txangoa egitea, zuhaitz motak identifikatzeko Sarrikoko parketik ibilbidea egitea, Arkeologia Museoa bisitatzea… eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako teleskopio handia erabiltzeko aukera ere emango da.

Donostiako Zientzia Astea

Gipuzkoako hiriburuan, Gipuzkoako Campuseko Barriola Eraikinean edo Ikasgelategian (Elhuyar Plaza) egingo da Zientziaren Astea, Eusko Jaurlaritzaren eta beste zenbait entitateren lankidetzarekin.

Zientziaren eta teknologiaren inguruko jai- eta herri-ekimen hau ostegunetik larunbatera egongo da irekita (azaroaren 11tik 13ra, alegia), etenik gabeko ordutegian: 10:00etatik 20:00etara. Bederatzi erakusmahai izango ditu, eta bertan, hainbat gairi buruzko bitxikeriak egongo dira ikusgai.

Ekimen honen helburua, hain zuzen, kaleko jendeari zientzia eta teknologia hurbiltzea da; betiere, atsegin hartzea eta entretenitzea tarteko direla. Hala, Barriola eraikinean, tokia izango dute Energia Berriztagarriek (bizikleta batek eta panel fotovoltaiko batek sortutako energia nola atera eta nola metatu behar den ikusiko da), Kimikak eta Polimeroek (ur ikusezinarekin kandelak itzaltzeko edo elektrizitaterik edo igurzketarik gabe hotza edo beroa lortzeko esperimentuak egingo dira) eta tokia izango dute, halaber, Matematikek (zoriari eta probabilitateari buruzko jarduerak, bitxikeria aritmetikoak eta problema geometriko zein topologikoak azalduko dira).

Barruti honetan, Robotikari eta Sistema Autonomoei buruzko erakusmahaia ere izango dugu. Bertan, jokamolde bakarra daukaten automaten eta robot autonomoen arteko desberdintasuna ikusiko dugu. Beste erakusmahai batek, aldiz, Mundu Birtualari eta Lankidetzarako Multirobotoei egingo die erreferentzia. Bertan, erabiltzaile batek kontrolatutako keinu bidezko elkarreraginezko interfaze baten bitartez kontrolatutako roboten arteko lankidetzaren adibidea ikusi ahal izango da. Era berean, Nanozientziari buruzko txokoa ere izango da. Eta hor, hain zuzen, tunel efektuko mikroskopia bidez eskuratutako bereizmen atomikoko irudiak erakutsi eta elkarreraginean oinarritutako bestelako esperimentu fisiko batzuk egingo dira. Eta amaitzeko, Psikobiologiari buruzko erakusmahai interesgarria ere izango da. Bertan, estresak jokamoldearen nahasmenduan eragin ditzakeen ondorio zirraragarrien berri emango dute.

Jarduerak
Donostiako Zientziaren Asteak hainbat jarduera antolatu ditu. Horien artean, bi irteera dira nabarmentzeko modukoak; bata, Donostiako arkitektura ezagutzeko egingo da (azaroaren 12an eta 13an, 11:00etan, Boulevardeko musika-kioskoan); eta bestea, Antigua inguruko fatxada eta espaloietako bitxikeria geologikoak ezagutzeko (UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Ikasgelategian izango da hitzordua, hilak 11n, osteguna, 16:00etan; eta hilak 12 eta 13an, ostirala eta larunbata, 11:00etan).
Bi hitzaldi ere emango dira: ‘Garuna zizelkatuz’, Gurutz Linazasoro neurologoaren eskutik (azaroak 11, 18:00etan) eta ‘Zeliakoak: glutenik gabe bizitzen ikastea’ (hilak 12, 18:00etan).

Gasteizko Zientzia Astea

Gasteizko Zientzia Astea lekuz aldatuko da, aurten Arabako Campuseko “Lucio Lascaray” Ikerketa eta Ikasketa Aurreratuen Gunean (IIAG) egingo baita. Eremua azaroaren 11tik 13ra egongo da zabalik, etenik gabe, 10:00etatik 20:00etara. Zientziaren eta teknologiaren inguruan antolatutako jai eta herri giroko eta doako ekitaldia.

Gasteizko Zientziaren Astean ikusi ahal izango ditugun bitxikerien artean aipatzekoa da DNA Bankuaren standa, DNA laginetan oinarrituta delitua ikertzeko teknikak nola aplikatzen diren erakutsiko diguna. Bestalde, ‘Gogo Elebiduna’ izeneko postuan, hizkuntza zer den ulertzen saiatuko gara eta ‘Osasunari eta Elikadurari’ buruzkoan, berriz, gorputzaren osaera neurtu eta zer elikagai gabezia edo gehiegikeria ditugun jakin ahal izango dugu. ‘Zentzumenen Gunean’ elikagaien ezaugarriak bereizten erakutsiko digute, modu dibertigarrian. Ibilbideari jarraituz, ‘Kartografia Geologikoa eta Paleoingurumenekoa’ izeneko postuan planetaren historia etengabe aldatuz doala ikusi ahal izango dugu.

Horrez guztiaz gain, ‘Historiaurreari’ buruzko standa ere aipatu behar da. Aurreko urteetan interes handia piztu du eta, aurten, lehenengo gizakien bizimodua gogorarazteaz gain, arloan azterketak egiteko erabiltzen diren metodoak eta sistemak erakutsiko ditu, besteak beste, polen, ikatz eta jalkin azterketak eta makro eta mikrofaunako hondarrenak. Azkenik, Arabako Teknologi Parkearen standean bizimoduaren hainbat alderdi (osasuna, erosotasuna, etab.) hobetzen dituzten zenbait aurrerapen teknologiko aurkeztuko dituzte.

Gainera, oraingoan, sarbidea modu dibertigarrian errazteko, bisitariak ‘Zientziaren Trenera’ igo ahal izango dira; txu-txu trenak Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazatik Arabako Campusera eramango ditu.

Gasteizko Zientziaren Astea jarduera paraleloz beteta datorkigu. Hala, bi txango antolatu dira: bata La Hoyako kokalekura, Guardian (azaroaren 12an, ostirala, 9:30etik 14:00etara, IIAGren atzeko aparkalekutik aterata, Nieves Cano kalean), eta, bestea, ikuspegi geografikotik paisaia ezberdinak interpretatzeko probintzia osoan barrena joango dena (azaroaren 13an, larunbata, 9:00etatik 16:00etara, leku beretik aterata). Gainera, larunbatean ‘Hiri orientazioko jarduera’ ere programatu da, familiei eta lagun taldeei zuzendua eta 11:00etan hasiko dena, Artiumen.

Horrez guztiaz gain, hitzaldiok emango dira IIAGko bideokonferentzia aretoan:

‘El arte de la fotografía al servicio de la ciencia y la tecnología’. Hizlaria: Xabier Otero. Azaroaren 11n, 18:45ean.
‘Grandes crisis de la vida en el planeta o las mayores extinciones en la historia de la Tierra’. Hizlaria: Luis Eguiluz. Azaroaren 11n, 18:00etan.
‘Gogo elebiduna’. Hizlaria: Kepa Erdozia. Azaroaren 12an, 18:00etan.
‘Enfermedad celiaca: aprender a vivir sin gluten’. Hizlaria: Esther Óbanos. Azaroaren 12an, 18:45ean.
‘Las nuevas tecnologías y el Mayor: ¿una ayuda o una barrera?’ Hizlaria: Fernando Gómez-Busto. Azaroaren 13an, 12:00etan.
‘Medicina estética y biología cosmética’. Hizlaria: Alberto Gorrochategui. Azaroaren 13an, 13:00etan.

Informazio gehiago: http://www.zientzia-astea.org

Anuncios