Agerre Teatrok David Azurza tenorea protagonista duen “Doltza” estreinatuko du


“El Quijote”-n oinarrituta dago eta Maite Agirrek iazko udan Mozambiken muntatu zuen antzezlanaren bertsio berri bat da

“Doltza. Dultzinea Quixote vs Teresa Panza” da Agerre Teatro taldeak Errenteriako Niessen aretoan aurkeztuko duen muntaketaren izenburua. Estreinaldia datorren otsailaren 6an eta 7an izango da, 20.00etan. Maite Agirre autore, antzezlari eta zuzendariak pasa den abuztuan Mozambiken, eta bertako konpainia batekin, muntatu zuen antzezlanaren egokitutako bertsio bat da hau. Publiko gazte eta helduari zuzenduta dago.

Cervantesen “El Quijote” ospetsua oinarri hartuta, Maite Agirrek berak (2007ko eta 2008ko Espainiako arte eszenikoetako Max sarietako euskarazko antzerki autore onenaren saria) idatzi du antzezlana. Obra honen abiapuntua Mozambiken dago. Hain zuzen ere, Agerre taldeko zuzendariak Maputoko Luarte taldearekin antzezlan baten muntaketan lan egiteko proposamena jaso zuen iaz. Gonbidapen haren emaitza edo fruitua “Dulcineia e o cavaleiro dos leoes” izan zen; Maputoko Teatro Avenidan estreinatu zen antzezlana, eta polizia-nobelak idazten dituen Henning Mankell suediar entzutetsua du buru. Erabateko ustekabea izan zen bertako publikoarentzat, ez baitago ohituta “laugarren horma” deritzona haustera.

Mozambiketik itzultzean antzezlana berridazteari ekin zion Agerre Teatroko zuzendariak, batik bat hemengo publikoarentzat egokitzeko helburuarekin. Hori hala, “Doltza. Dultzinea Quixote vs Teresa Panza” euskaraz eta gastelaniaz estreinatuko da, otsailaren 6an eta 7an, hurrenez hurren.

Lan-talde berria eta edukien aldaketa kontuan hartuta, agertoki afrikarrek hartu zuten “Dulcineia” hartatik nahiko urrun dago obra hau. Antzezlan biek duten argumentua antzekoa da: komediante eta musikari zoroen talde batek “El Quijote” antzeztu nahi du eta horretarako aretoan dauden ikusleen elkarlana eskatuko du. Nolanahi ere, bertsio berri honetan Mozambikeko errealitate sozial eta politikoari keinu egiten dieten erreferentzia guztiak desagerrarazi dituzte, bai eta horien ordez gure gizarteko beste zenbait aipamen gaineratu ere.

Bestelako elementu batzuk, aldiz, mantendu egin dira, dramaturgia, eszenografia –Amaia Zabalak diseinatutakoa, eta ardatz nagusitzat txalaparta handi bat duena– edota muntaketaren argitasuna, kasu. “Salaketa-antzerkia egitera ohituta zeuden Mozambiken, nahiko trinkoak ziren forma zein edukiekin –azaldu du Maite Agirrek–. Guk geuk ere garai hori pasa genuen frankismoan. Horregatik, bada, agertokia argiz bete nahi izan nuen nik, nahiz eta salaketa-tonua eta mezua mantendu. Harrera beroa izan zuen”.

Antzerkia antzerkiaren baitan. Horixe da “Doltza”, eta bertan oinarrizkoa da publikoarekiko konplizitatea, finean Agerre taldearen ikuskizunetan ohikoa den bezalaxe. Musika ere funtsezko elementu bat da; hain garrantzitsua, ezen On Kixoteren papera musikari batek egiten baituen, eta ez aktore batek. David Azurza tenore tolosarrak opera antzezten du eta lehenago ere kolaboratu izan du Agerre taldearekin. “Intuizio handia du eta gozamena da eszenan zer nolako presentzia fisikoa duen ikustea. Oso aldakorra da”, nabarmendu du zuzendariak.

Azurzarekin batera, obra honetan John Bolduan, Inazio Tolosa, Kepa Fersán, Iker de la Concha, Erik Probanza, Amaia Corral, Iñaki Larrañaga, Ainhoa Pineda eta Maite Agirre bera ere badabiltza antzezle lanetan. Horiekin batera, agertokian Abarchic Salem Mohamed afrikar-euskalduna ere ageri da. Azken horrekin, hain zuzen ere, Maite Agirrek zera lortu nahi du: “Afrikako esperientziarekiko zubi bat eraikitzea, nire ibilbidean lehena eta geroa markatu baititu”. Abarchic bereberra da, Tolosan bizi da gaur egun eta euskaraz mintzo da. Musikazale eta antzerkizale honek obran antzezten duen papera ur-saltzaile batena den arren, Maite Agirrek “Don Quijoteren alter ego” bezala definitu ohi du.

Maite Agirrek 2004an izan zuen bere lehenbiziko esperientzia Mozambiken. Espainiako Nazioarte Kooperaziorako Agentziak finantzatutako Maputoko Nazioarteko Antzerki Jaialdira gonbidatu zuten eta, hango aktoreekin elkarlanean, “La Celestina” antzeztu zuen bertan. Geroztik, Afrikako herrialde osoan zehar gehien mugitzen den Mozanbikeko Luarte taldearekin aritzen da elkarlanean. Talde hori izan zen, bada, oraingo antzezlan hau elkarrekin muntatzeko proposamena egin ziona. Eta hari horri tiraka estreinatuko da orain “Doltza” Errenterian.

Agerre Teatroa 80. hamarkadan sortu zen eta harrezkero antzezlan ugari estreinatu ditu, bai Euskal Herrian eta baita Italia, Argentina, Mozambike, Habana, Kolonbia, Peru eta Mexikon ere. Gainera, herrialde horietan guztietan tokian tokiko artistekin lan egin izan du taldeak. Ibilbide honetan jaso dituen sariak ere ugari izan dira, eta horien artean nabarmen genitzake Joyceren “Molly Bloom” obrarekin lortutakoa, Alfonso Armadaren “Los niños no pueden hacer nada por los muertos” antzezlanari esker erdietsitakoa, “Chicas bonitas, alegres maizales” edota “Cabaret infantil” delakoa ere. Hain zuzen, azken bi lan horiei esker euskarazko antzerki autore onenaren Max sariak lortu zituen 2007 eta 2008an. Iaz, aldiz, Torrejon de Ardozeko XII. Lehiaketan bigarren saria eskuratu zuen “Secando charcos” obrarekin.

DAVID AZURZA, On Kixote

Tolosan (Gipuzkoa) jaio zen 1968an. Arte Ederretan (Zaharberritzea) lizentziatua da. Tolosako Hodeiertz Abesbatzan tenore bezala abesten hasi ondoren, Kontratenore ikasketak egin zituen Isabel Alvarezekin (Donostia). Kantuko goi mailako ikasketak Madrilgo Kontserbatorioan egin zituen ikasle libre moduan eta karrera amaierako Ohorezko Saria lortu zuen, baita Lucrecia Arana aparteko saria ere.
Capilla Peñaflorida eta Conductus ensemble (antzinako musikan espezializatuak) eta KEA (musika garaikidea) taldeetako kide da. Zenbait operen estreinaldi absolutu eta grabazioetan protagonista paperak izan ditu: Segismundoren papera Tomas Marcoren “Segismundo” obran (2003), Mauricio Soteloren “Dulcinea”-n (Madrilgo Teatro Realean, 2006), Don Quijote-ren papera Bilboko Arriaga Antzokian eta Sevillako Maestranzan (2007), Eduardo Perez Masedaren “Swan” (El peso de la sombra) eta “La aparición”-en (Madrilgo La Abadía Antzokian, 2006).

2007an Madrilgo Teatro Realean estreinatu zen Sanchez Verduren “El Viaje a Simorgh” operan ordezko abeslaria izan zen, Madrilgo Orkestra Sinfonikoarekin eta Jesus Lopez Cobosen zuzendaritzapean.

Tolosako Hodei Truk, Bergarako Gabero eta Orfeón Bergarés abesbatzen zuzendaria da. Musikagintzaren esparruan, abesbatzen enkarguak jasotzen ditu eta bere obrek sariak lortu dituzte konposizio lehiaketetan.

Anuncios