Ez Dok Hiru Bikoteatroak euskara hankaz gora jarriko du Donostian asteburu honetan

Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek “Euskarazetamol” antzeztuko dute Lugaritz etxean, hilaren 11n, 12an eta 13an

Euskera Sencilloaren manifiestoa” (euskarazko testu hoberena 2004ko Max sarietan) eta “Larruaizetara” ikuskizun arrakastatsuen ondoren, Ez Dok Hiru Bikoteatroa “Euskarazetamol” hirugarren lanarekin ari da Euskal Herriko antzokiak bisitatzen. Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreen umorearekin difrutatzen duten guztiek zitordua dute datorren asteburuan Donostian. Hilaren 11an (20:30etan), 12an eta 13an Lugaritz etxean egongo dira, 20:00etatik aurrera.

Euskarazetamol” antzezlanean super-euskaldunak izateko formula bilatuko dute Ez Dok Hiru-ko taldekideek. Euskararekin edozein joku egiteko gai izateko, mota guztietako pilulak probatuko dituzte: sintetifar, itzulimizina, laboazepan, bilinguital….. Azkenean porrot egingo dute, beti bezala, baina bidean sekulako malabarismoak egingo dituzte euskararekin, ikuslearen harridura eta barrea probokatuz.

Euskarazatemol”, Ez Dok Hiru Bikoteatroaren “Dibertimentuak” izeneko trilogiaren azken alea da. Era “natural” batean elkartu ziren Patxo Telleria eta Mikel Martínez 2003an Ez Dok Hiru Bikoteatroa osatzeko. Urtetan egonak ziren lanean elkarrekin beste proiektu ezberdinetan eta poliki-poliki hurbildu ziren beraiei gustatzen zaien umore ironiko honetara. Marx anaien edo Ionescoren iturrietatik edaten duen umore absurdoan oinarrituta, estilo berezi bat garatu dute, aktore bion arteko elkarrizketetan oinarritzen dena, berbaldi motz, pikatu, azkar eta eroen bitartez.

Euskal antzerkian eskarmentu handi samarra dute bai Martinezek bai Telleriak. Urteak daramatzate “bikote artistiko” bezala lanean, hala antzerkian (“Marxkarada“, “Monstruo Sakratuak“, “Kaio Luma Zikina“, “Kontenedore baten Istorioak“, “Lezio bat ostrukari buruz) nola telebistan.

Mikel Martinez (Lizarra, Nafarroa, 1955) medikua da formazioaz, baina 80 hamarkadatik aurrera interpretazioan buru-belarri sartuta dago. Aktore gisa, Maskarada antzerki taldeko 17 lanetan hartu du parte, baita lau luzemetraietan (“Historia de las guerras carlistas”, “Lauaxeta, “Maité”  eta “La máquina de pintar nubes”) eta telebistako hainbat serietan (Jaun da Jabe, “Mi querido Klikowski“Goenkale”…) ere. Interpretatzeaz gain, Mikel Martinez irakasle, gidoilari, zuzendari laguntzaile eta bikoizlari bezala aritu da.

Bere aldetik, Patxo Telleria (Bilbo, 1960), Pedagogia eta Filologian ikasi eta gero, buru belarri sartu zen antzerkigintzan. Geroztik, hamaika antzezlanetan hartu du parte, baita  telebistako hainbat telesaiotan  ere. Eta antzerkigintzan zein telebistan eskarmentu handia du gidoigile gisa. Telleriak Aitor Mazorekin batera idatzi eta zuzenduriko  “La máquina de pintar nubes” luzemetraia estreinatu du arestian.

Informazio gehiago jasotzeko eta Mikel Martinez edo Patxo Telleria aktoreekin elkarrizketak egiteko:

Karolina Almagia (616 84 14 77)

kalmagia@gmail.com

Anuncios