Prentsa-oharra: “Zigortzaileak” haurrentzako euskarazko pelikularen filmaketa bukatuko da bihar

castigadores.webBihar, larunbata, bukatuko da ekainaren 29an Portugaleten hasi zen Zigortzaileak filmaren errodajea. Santurtzin filmatuko dira umeei zuzendutako abenturazko pelikula horren azken sekuentziak.

Zigortzaileak umeak protagonistak direla Euskal Herrian egin den lehenengo pelikula da. Portugaleteko Zunzunegui Institutoan egin da sekuentzia gehienen filmaketa, eta Santurtzin, Getxon eta Berangon beste guztiena. Ekoizpen-etxeak eskerrak ematen dizkie bene-benetan udal horien guztien ordezkariei, udaltzainei eta herritarrei eskainitako kolaborazioagatik.

Filmaketa oso ondo joan da, dena aurreikusita zegoenaren arabera. Giro ona, ilusio handia eta “umeen profesionaltasuna” nabarmendu du zuzendaritzak. “Pazientzia, disziplina eta talentoa” erakutsi dute ume protagonistek. zigortzaileak.worldpress.com blogean idatzi duten bezala, haurrentzat ere oso esperientzia polita izan da eta, nahiz eta nekagarria izan, oso gustukoa izan dute interpretazioa.

José María Lara-Alokatuk ekoitzi du Arantza Ibarrak idatzitako filma, eta zuzendari lanetan, aldiz, Ibarra bera eta Alfonso Arandia ari dira. Zigortzaileak pelikulak hainbat ikasleren abenturak kontatzen ditu; ikastetxeko haur menderatzaile batzuen tratu txarrak jasateaz nazkatuta, hauei eskarmentua emateko talde sekretu bat sortu duten ikasleen abenturak, alegia. Bada, super heroien filmak oinarri hartuta, pelikula honek bullying-aren gaia jorratzen du, betiere umorea eta entretenimendua baliatuta.

Euskaraz filmatu da Zigortzaileak, eta filmeko paper nagusiak zineman debuta egiten duen neska eta mutil talde batek betetzen ditu. Hain zuzen ere, Bizkaiko leku askotan zein Ipar Euskal Herrian casting prozesu zurrunbilotsu bat burutu zen horretarako; apiril bukaera eta ekain hasiera bitarte egin ziren probetara 1.200dik gora adingabe aurkeztu ziren, esaterako. Hautaketa ugari eta beste proba batzuk egin ostean, bada, hauek izan dira azkenik Zigortzaileak zintako protagonistak: Amaia Aberasturi, Nikola Zalduegi, Andoni Delavigne, Estibaliz Sarasola, Martin Gandiaga, Pello Madariaga eta Asier Vegas. Hauekin batera, Kerman Rekondo, Izaro Baza eta Xabier Caballero haurrek ere parte hartu dute aktore gisa. Nagusien pertsonaiak antzeztuz, bestetik, Anne Igartiburu, Carlos Sobera, Loli Astoreka, Gurutze Beitia, Alfonso Torregrosa eta Rafael Amargo dantzaria izan dira, besteak beste.

Arantza Ibarra ondarrutarra da istorioaren autorea eta filma zuzentzen ere arituko da Alfonso Arandiarekin batera. Oro har, Ibarrak bere ibilbide profesional gehiena publizitatearen esparruan garatu du, sortzaile eta diseinatzaile bezala. Telebista-programa ezberdinetarako eszenografiak ere asmatu izan ditu. Haurrentzako zenbait ipuin idatzi eta argitaratu ditu, baita zinemarako gidoi bi ere. Berak sortu ditu ere Zigortzaileak filmaren kantak.

Lehen aipatutako Alfonso Arandia zuzendariak berak “El anónimo” eta “Carretera y manta” luzemetraiak zuzendu ditu. Gainera, “El comisario”, “Sin tetas no hay paraíso” eta “La chica de ayer” bezalako telesail arrakastatsuetarako hainbat kapitulu ere gidatu izan ditu.

José María Lara ibilbide luzeko ekoizle independentea da. Berrogeita hamar filma egin ditu, luzeak, laburrak zein dokumentalak. Berak ekoiztutako filmen artean daude, adibidez, Diego Fandosen Cosmos (2007), Mercedes Álvarezsen El cielo gira (2004), Ramón Barearen El coche de pedales (2003) eta Pecata Minuta (1998), La Cuadrillaren Atilano Presidente (1998) eta Justino, un asesino de la tercera edad, edota Daniel Calparsororen Asfalto (1999).

EiTBren parte-hartzea eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza bat izan du Zigortzaileak pelikulak. 2010.urte hasierarako aurreikusten dute estreinaldia.

Elkarrizketak egiteko, filmaketaren argazkiak edota informazio gehiago jasotzeko:

Karolina Almagia

Tf: 616 84 14 77

prensa.zigortzaileak@gmail.com

Anuncios