Prentsa-oharra: “Zigortzaileak” haurrentzako euskarazko pelikula filmatzen ari dira Ezkerraldean

leire.webEkainaren 29an hasi ziren Portugaleten Zigortzaileak filmatzen eta milatik gora hautagaien artean aukeratutako hainbat haurrak parte hartzen ari dira pelikulan.

José María Lara-Alokatuk ekoitzi du Arantza Ibarrak idatzitako filma, eta zuzendari lanetan, aldiz, Ibarra bera eta Alfonso Arandia ari dira. Zigortzaileak pelikulak hainbat ikasleren abenturak kontatzen ditu; ikastetxeko haur menderatzaile batzuen tratu txarrak jasateaz nazkatuta, hauei eskarmentua emateko talde sekretu bat sortu duten ikasleen abenturak, alegia. Bada, super heroien filmak oinarri hartuta, pelikula honek bullying-aren gaia jorratzen du, betiere umorea eta entretenimendua baliatuta.

Euskaraz filmatzen ari da Zigortzaileak, eta filmeko paper nagusiak zineman debuta egiten duen neska eta mutil talde batek betetzen ditu. Hain zuzen ere, Bizkaiko leku askotan zein Ipar Euskal Herrian casting prozesu zurrunbilotsu bat burutu da horretarako; apiril bukaera eta ekain hasiera bitarte egin ziren probetara 1.200dik gora adingabe aurkeztu ziren, esaterako. Hautaketa ugari eta beste proba batzuk egin ostean, bada, hauek dira azkenik Zigortzaileak zintako protagonistak: Amaia Aberasturi, Nikola Zalduegi, Andoni Delarigne, Estibaliz Sarasola, Martin Gandiaga, Pello Madariaga eta Asier Vegas.

Zigortzaileak ekainaren 29tik abuztuaren 8a bitarte filmatzen ari da Portugaleteko Zunzunegui Institutuan eta inguruko beste leku batzuetan. 2010.urte hasierarako aurreikusten dute estreinaldia.


Arantza Ibarra ondarrutarra da istorioaren autorea eta filma zuzentzen ere arituko da Alfonso Arandiarekin batera. Oro har, Ibarrak bere ibilbide profesional gehiena publizitatearen esparruan garatu du, sortzaile eta diseinatzaile bezala. Telebista-programa ezberdinetarako eszenografiak ere asmatu izan ditu. Haurrentzako zenbait ipuin idatzi eta argitaratu ditu, baita zinemarako gidoi bi ere. Berak sortu ditu ere Zigortzaileak filmaren kantak.

Lehen aipatutako Alfonso Arandia zuzendariak berak “El anónimo” eta “Carretera y manta” luzemetraiak zuzendu ditu. Gainera, “El comisario”, “Sin tetas no hay paraíso” eta “La chica de ayer” bezalako telesail arrakastatsuetarako hainbat kapitulu ere gidatu izan ditu.

José María Lara ibilbide luzeko ekoizle independentea da. Berrogeita hamar filma egin ditu, luzeak, laburrak zein dokumentalak. Berak ekoiztutako filmen artean daude, adibidez, Diego Fandosen Cosmos (2007), Mercedes Álvarezsen El cielo gira (2004), Ramón Barearen El coche de pedales (2003) eta Pecata Minuta (1998), La Cuadrillaren Atilano Presidente (1998) eta Justino, un asesino de la tercera edad, edota Daniel Calparsororen Asfalto (1999).

EiTBren parte-hartzea eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza bat izan du Zigortzaileak pelikulak.

Gautegiz Arteagako (Busturialdea) Amaia Aberasturi Leire izeneko haurra izango da filmean: nortasun handia eta zuzentasuna ulertzeko modu trebea du neskato protagonista honek, eta beren eskolako menderatzaileak bere lekuan jarri nahiko dituen lagun-talde zigortzaileko liderra da. Hamabi urte ditu Amaia Aberasturik eta datorren ikasturtean bere lehengo eskolatik (Monterrey) Barrutiakora pasako da. Tai Chi-a praktikatzen du, eta txikitatik izan du dantzatzeko zein antzerkia egiteko zaletasuna, baina sekula ez zuen bere burua casting batera aurkeztu. Oraingo honetan, aldiz, Zigortzaileak filmatzeko aktore gaztetxoen bila zebiltzala jakin zuenean erabaki zuen aurkeztea “nolakoa den jakiteko”, nahiz eta ez zuen uste aukeratuko zutenik.

Andoni Delarigne Bastidakoa da (La Bastide Clairence), mila biztanle baino gutxiago dituen Behe Nafarroako herrixkakoa. Hamabi urte ditu honek ere, eta Xalbadorren egiten ditu ikasketak. Telebista frantseserako hiru telefilmetan parte hartu duenez, pelikula honetan arituko direnetatik zineman esperientziarik izan duen bakarretakoa da Delarigne. Nolanahi ere, hau izango du euskarazko lehenbiziko filmaketa, eta, gainera, bere amarekin partekatuko du platoa, honek ere paper txiki bat baitu pelikulan. Andonik Leo-rena egingo du oraingoan; zigortzaileen taldeko intelektuala, informatikan erabat aditua eta sekulako trikimailuen asmatzailea.

Estibaliz Sarasola, hamaika urteko bilbotarra, Begoñazpi ikastolan dabil egiten ikasketak, eta Lehenengo Hezkuntzako seigarren maila hasiko du. Klasez aldatu zutenean hartu zuen abesteko eta dantzatzeko zaletasuna, jarduera horiek gogoko dituzten neskato batzuekin elkartu zenean, alegia. Horiek denak aurkeztu ziren Zigortzaileak filmeko casting-era, baina Estibaliz bakarrik hautatu zuten. Hala bada, Sandraren papera egiten du bertan; bere aiton-amonekin bizi den neskatoa, eta eguna guzti-guztia errepikatzen eta etengabe dantzan pasatzen duena. Sandrak bullying-a pairatzen du eskolan, eta egoera hori Estibalezek eta filmeko bere kideek ere eskola esparruan noizbait ikusi izan dutela adierazi dute.

Martin Gandiagak Angel-ena egiten du, filmeko gaiztoarena, alegia. Hamabi urteko markinarra da Martin, Berakruz ikastolan dabil eta futbola zein antzerkigintza ditu gogokoen. Jarduera horietan beti nabarmendu izan da, gainera. Bere ingurukoek animatu zuten casting-ean parte hartzera, hautatuko zutenik espero gabe. Profesional mailako futbol talde bateko atezain izan nahi luke Gandiagak.

Filmean, Angelen laguna David da, beste menderatzaile bat. Eta azken honen papera Peio Madariagak egingo du, Lezamako hamahiru urteko gazteak. Txorierriko Institutuan dabil ikasten Peio eta bere zaletasun nagusia “rapeatzea” da. Institutuan antzerkia ez ezik, bateria ere jotzen du. Abenturazko filmak oso gustuko ditu, eta oso argi dauka nagusitzean aktore izan nahi duela.

Bilboko San Inazio auzoko Asier Vegas izango da Javi, besteei kalte eginez harrotzen den beste gazte bat. Hamaika urte ditu Asierrek, La Salleko ikastetxean 5. maila bukatu berri du, eta zaletasun ugari ditu: futbola, pin-pona, esku-pilota, eta, batez ere, musika (Kontserbatorioan dabil ikasle eta perkusioa jotzen du) zein antzerkigintza. Nagusia denean astronauta izan nahiko luke Vegasek, eta film hau “esperientzia bat izateagatik” egin nahi duela dio.

Nikola Zalduegi izango da Fernando pelikulan, pisuzko eta nahiko bihurria den pertsonaia. Nikola hamalau urte ditu, Bilboko Atxuri auzoan bizi da eta Lauro ikastolan aritzen da. Futbola, txirrindula eta igeri egitea gustatzen zaio. Gitarra elektrikoa ikasten dabil, baina berak nahiago du bateria. Antzeztea beti gustatu zaio. Behin Arriagan extrarena egin zuen eta parte hartu du ere bi filma laburretan. Bere ametsa aktorea izatea da, baina plana bertan behera geratzen bada, maisurako ikasiko du.

Hauekin batera, Kerman Rekondo, Izaro Baza eta Xabier Caballero haurrek ere parte hartuko dute aktore gisa. Nagusien pertsonaiak antzeztuz, bestetik, Anne Igartiburu, Carlos Sobera, Loli Astoreka, Gurutze Beitia, Alfonso Torregrosa eta Rafael Amargo dantzaria izango dira, besteak beste.

Talde teknikoa:

Argazki zuzendaria: Gaizka Bourgeaud

Arte zuzendaria: Sandra Galicia

Ekoizpen zuzendaria: Ion Collar

Soinu burua: Xanti Salvador

Montaje burua: Julia Juániz

Musikaria: Javier Vicente

Anuncios