Prentsa-oharra: “Pedro Aguilera donostiarrak Arabako Errioxan filmatuko du bere bigarren pelikula luzea”

AGUILERA-web

Pedro Aguilera (Donostia, 1977) euskal zuzendariak hunkituta utzi zuen 2007an Cannesko Zinegileen Hamabostaldiko publikoa bere lehenengo film luzearekin, “La influencia”. Datorren astelehenean, berriz, Biasterin (Araba) ekingo dio bere bigarren pelikularen filmazioari. “Naufragio” du izenburu eta Saharapeko etorkin baten bidaiaren ingurukoa da, baina ez du zerikusirik errealismo sozialaren zinemagintzarekin. Bada, ukitu sinboliko eta surrealista nabaria duen istorioa izango da, magia eta budu afrikarraren munduari buruzko erreferentziekin.

“Naufragio”-k alegoria bat izan nahi du, irudi generiko gisa etorkinei emandako klixearekin apurtu nahi duena, hain zuzen ere. Zinemagintza europarretik sarritan eskaintzen den ikuspegi paternalistatik aldenduta, beraz, Pedro Aguileraren film berriak Robinsón (Solo Turé) du protagonista; Saharapeko gazte hori eginkizun misteriotsu bat betetzeko iritsiko da Penintsulara, nahiz eta pelikularen bukaerararte ez garen horretaz jabetuko. Kutsu mistiko eta fantastikoarekin, filmak Afrika beltzeko herrietan hain presente dagoen magia eta espiritualtasunaren kulturari keinu egiten dio. “Robinsón ez da etorkin bat gehiago, ez da arreta sozialeko zerrendetako zenbaki bat, ez da egunero gure hirietan elkar gurutzatzen dugun kaleko salmenta-postuetan ari diren ezezagun horietako bat… irudimenerantz doan indar boteretsu bat da, kontaktu bat jatorrizko magia eta misterioarekin”, azaldu du zuzendariak.

Hori hala, “Naufragio”-k badu zuzendari donostiarraren lehenengo filmaren arrastorik, elkarrizketa gutxi eta tonu intimista zein espiritualarekin. “La influencia” izenburuko hura film ausarta izan zen eta bere originaltasuna Cannesko Zinegileen Hamabostaldi entzutetsuan ez ezik Bruselako Cinedecouvertes zinema jaialdian ere sari gorenarekin aintzatetsi zuten. “La influencia” Alokatuk eta Carlos Reygadas mexikarrak (“Batalla en el cielo”, “Luz silenciosa”) koproduzitu zuten. Hain zuzen ere, azken horren film batean zuzendari laguntzaile aritu zen Aguilera eta, hortaz, haren jarraitzaile edo dizipulu gisa ikusten du egun bere burua.

Naufragio” Guardian, Kripanen, Ekoran (Araba) eta Almerian filmatuko da, irailaren 7a eta urriaren 14a bitarte. Filmeko protagonista Solo Turé da. Ginea Bissaukoa da jatorriz, egun Madrilen bizi da eta eraikuntzan egiten du lan. Turé ez da aktorea, baina Lavapiés auzoan casting batera aurkeztu ostean parte hartu du film honetan. Lehenengo aldian arituko da zineman ere Alex Merino, 20 urteko donostiarra. Merinok apur bat galduta dabilen Daniel izeneko gaztearen papera beteko du. Gainontzeko pertsonaiak antzezten, aldiz, Kandido Uranga, Iñake Irastorza, Julio Perillán, Ruth Armas, Carlos Bravo eta Ramón Barea arituko dira. Zuzendariak bere lehenengo pelikulan ere profesionalak ez ziren aktoreekin egin zuen lan, eta oraingo honetan ere ez zuen nahi aktore-multzoa bereziki ezagunak diren aurpegiekin osatu. Finean, ezinbesteko baldintzatzat hartzen baitu hori egiazkotasuna eta anonimatua lortze bidean.

Pedro Aguilerak “Naufragio” film sinbolista gisa definitu du, eta bere esanetan, bertan kontatzen den istorioko elementu bakoitzak alegoria bezala funtzionatzen du. “Ez dut etorkinen erretratu sozial bat egin nahi, erretratu partzial eta mugatua izango bailitzateke. Irudimenari jarraitu diot eta horietako baten indibidualtasun psikologikotik abiatuta egin dut lan. Guztiok uste dugu badakigula nola bizi eta sentitzen duten pertsona horiek, baina ia inor ez da haiekin bizi edota haiekin mintzo. Zergatik uste dugu bada guztiak berdinak direla?”.

Proiektu honi hasiera ematerakoan zuzendariari bururatu zitzaion gatazka kulturala izan zen, ez ekonomikoa edota soziala: “Etorkin ugari datoz kultura animistak eta magian oinarritutakoak dituzten herrialdeetatik, Togo, Benin edo Nigeriatik, kasu. Herrialde horietan presentzia handia dute buduak zein erritual magikoek eta pertsonen errealitatea eraldatzen dute. `Más allá´ delakoaren energiak eragina du bizitzan eta eraldatu egiten du hori bera. Magia erreala da, ukigaia, eta eragina du bizi diren mundu horretan. Gogoko dut energia arkaiko eta zahar horrek etorkin horien bitartez Europara bidaiatu dezakeela pentsatzea, baita beraiei esker orain dela milaka urte galdutako indar horrekin kontaktuan jar gaitezkeela pentsatzea ere”, nabarmendu du Aguilerak.

Proiektuaren izenburuak, “Naufragio”, argi azaltzen du istorioko protagonista den Robinsón Almeriako kostaldera zein modutan iristen den. Baina, hori ez ezik, gure instituzio sozialek eta Zuzenbide Estatuak afera honi nola egiten dioten aurre ere iradokitzen du “naufragio” hitzak. Bestalde, Robinsón bera “naufrago” edo galduta dabil ezagutzen ez duen mundu berri batean, eta bertan ezberdina da oso kutsu espirituala. Filma ez da kritika soziala, baina, zeharka bada ere, Robinsónek Espainiatik egiten duen ibilbidea jarraitzen duen heinean, parez pare aurkituko duen errealitate gordina ere islatuta geratzen da bertan. Pelikulako ezkutuko beste gaietako bat, bestetik, iragan basati eta aske batekiko nostalgia da, naturarengandik urruntzeak gizakiongan izan dituen ondorioen gaineko zalantza.

Tratatamendu formala

Pelikula 35mm-tan filmatuko da, Scope formatuan eta lente anamorfikoak baliatuta. Leiar horien ezaugarrietako bat beren plastikotasuna da, baita horiek erabiliz lor daitezkeen egiturak ere. Bada, ikuseremuaren sakonera murritzak eta lenteekin erdiesten den perspektibaren deformazioak indartu egiten dute filmak lortu nahi duen ikuspegi subjektibo eta indibidualista. Pelikula bera protagonistak duen ikuspuntu antzeko batetik kontatzen da. Aipatutako formatua erabilita, gainera, agertoki naturalen ikusgarritasuna ere indartzen da, eta horien presentzia ezinbestekoa da istorioan.

Aktoreak zuzentzen edota kamerarekin egin beharreko lanak modu dokumental batean bideratuko dira. Azken finean, zuzendariak fikzio zinematografikoaren sentipenetik aldendu nahi baikaitu, bide batez ikusleen eta istorioaren arteko harremana bera ere gertukoagoa izan dadin. Alderdi fotografikoari dagokionean, bestetik, Aguileraren erreferentzia XIX.mendeko pintura sinbolista frantsesa izango da, bereziki Odilon Redonen kuadroak nabarmenduz, iluntasunaren eta argi liluragarriaren artekoak, kolore gutxikoak baina oso biziak direnak.

“Naufragio” Alokatuk ekoitzitako filma da, eta ETB, Riva Film (Alemania) zein ARTEk (ZDF) ere parte hartu dute proiektuan.

Zuzendaria

Pedro Aguilera Donostian (Gipuzkoa) jaio zen, 1977an. Madrilgo Unibertsitate Complutensean Arte Ederretan lizentziatu ostean, hainbat publizitate-agentziatan aritu zen story-boardak marrazten.

Zinemagintzaren munduan lehenengo urratsak zenbait filmetako zuzendari laguntzaile gisa egin zituen, Daniel Calparsororen “A ciegas” edota Juan Carlos Fresnadilloren “Intacto” bezalako pelikuletan, besteak beste. Kubako San Antonio de los Baños eskolan Dokumentalen Errealizazioa eta Gidoi Idazketa lantegiak eginez jarraitu zuen bere prestakuntzarekin. Gerora, aldiz, “El trato” eta “Narciso y Goldmundo” bezalako film laburrak idatzi, ekoitzi eta zuzendu ere egin zituen.

Mexikon Carlos Reygadasekin zuzendari laguntzaile gisa aritu izan da lanean “Batalla en el cielo” pelikulan, eta Amat Escalanterekin “Sangre” delakoan. Biak ala biak Cannesko jaialdiko Sekzio Ofizialean aurkeztu ziren, 2005.urtean.

Aguileraren lehenbiziko film luzea, “La influencia”, 2007ko Cannesko Zinegileen Hamabostaldian estreinatu zuten, eta urte berean L´Áge d´or izeneko saria eskuratu zuen Bruselako Cinedecouvertes jaialdian. Gainera, besteren artean, Donostia, Montreal, Londres, Seul, Salonika, Göteborg, Tübingen edo Punta del Este bezalako herrietan ere presente egon zen filma hainbat eta hainbat jaialditan.

Ekoizlea

José María Lara ibilbide mardula duen ekoizle independentea da. Hogei bat film luzetan aritu izan da, horien artean: Arantxa Lazkanoren “Los años oscuros” (1993), La Cuadrillaren “Justino” (1994), Daniel Calparsororen “A ciegas” (1997), Ramón Barearen “Pecata Minuta” (1998), Cecilia Barrigaren “Time´s Up” (2000), Mercedes Álvarezen “El cielo gira” (2005), Asier Altuna eta Telmo Esnalen “Aupa Etxebeste” (2005), edota “Cosmos” (2008), Diego Fandosena.

Talde artistikoa

Robinson: Solo Turé
Paulina: Iñake Irastorza
Ángel: Kandido Uranga
Daniel: Alex Merino
José: Julio Perillan
Luismi: Ramón Barea
Grimal: Carlos Bravo
Rosa: Ruth Armas
Sankum: Iacouba Dembere  

Talde teknikoa

Ekoizlea: José María Lara

Zuzendari eta gidoilaria: Pedro Aguilera

Produkzio zuzendaria: Mikel Nieto

Zuzendari laguntzailea: Joseba Salegi

Argazki zuzendaria: Arnau Valls

Muntaia: Julia Juániz

Dekorazioa: Juan Carlos Bravo

Soinua: Pablo Bueno

Jantziak: Saioa Lara

Anuncios